XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), istorio hauen miragarritasuna: are eta magikoago edo mitikoagoak eta hobeto.

Narraziook irakurlearen harridura eta lilura txerkatzen dute, horretarako oso konbentzio narratzaile arruntak erabiliz, irakurlea lehen momentutik narrazioan errazki engaiatuko dutenak.

Testuak, zerbait egitekotan, irakurlearen atentzioa suspenditu egiten du eta suspentsio horretan ahalik eta luzeen eutsi.

Bertatik narrazioon luzetasun eta konplikazioak.

Pikareskak eta Kixotea-k Espainian, Rabelaisen liburuek Frantzian, Shakespeareren dramek eta Swiften narrazioek Ingalaterran, etab. literatura modernoa inauguratzen badute, goian aipatutako egitura narratzailea eteten dutelako da.

Izan ere pikaroa bezalako pertsonaia batek ez dizkigu bakarrik istorio edo pasadizo desberdinak kontatzen baizik eta bere burua istorioon parte bihurtzen du eta, beraz, berak batzen ditu istoriook, beti ere bere burua pertsonaia bezala azalduz.

Pikareskak beraz, pikaroaren bidez, istorio edo pasadizo desberdinei batasun eta telos antropomorfiko bat ematen die, hain zuzen, gizabanako baten bizitzaren batasuna.

Batasun honek ez du egitura matematikorik onartzen (100 edo 1000 istorio), eroiaren bizitzak osatzen dituen pasadizu natural edo organikoen kontaketak baizik.

Hala Kixotea ere.

Era berean, narrazio hauek heroiak munduarekin duen gatazka errealistakiro azaldu nahi dute.(20) Zalduneri elaberriak ere, hein batean, gizabanako baten eta munduaren arteko guduen narrazioak baziren ere, heroi zaldunaren eta munduaren artean ez zegoen gatazka esistentzialik. Zalduneriazko guduak Erdi Aroko munduaren ordenaren barnean zentzu betea zuten kultur jokaerak ziren. Aitzitik, Kixotea bezalako narrazio modernoek hain zuzen ordena-galera honetatik abiatuta, heroiak munduarekin galduberri duen erlazioaren berri ematen dute, nostalgiaz eta ironiaz. Munduarekiko alienaturik suertatzen den heroi gatazkatiaren berri ematen digute narrazio modernoek. Gatazka beraz ez da soilik gudu bat baizik eta gatazka esistentziala: munduarekin nola gudukatu ez jakitearen eta ikasi beharraren kronika.

Beraz atentzioaren suspentsioa baino, identifikazioa eskatzen dute narrazio moderno hauek.

Bertatik beren errealismoa.

Identifikazio behar honek heroiarekin munduaren gatazkaren erdigunean paratu behar honek ez du kontaketa magiko eta mitikoentzako lekurik uzten.

Kontaketek beti ere errealista izan behar dute.

Ikuspuntu bat eskaini behar diote irakurleari.

Alabaina, eta lehen esan dugun bezala, Azken hitzaren bila sailaren egiturak modernitatearen aurreko eredu narratzaile batera garamatza, hain zuzen, pertsonaia batasunik gabe, narratzaile batasun huts bat baino gertatzen ez den narrazio egituraketara.